XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hautetsi abertzalea Bordelen?

HAMALAUEKO gerlan Euskaldunak ongi ezagutu zituen jeneral batek errana da: Zuek, Euskaldunak, senegaldarrak bezala zarete, ez duzue Frantziaz axolarik: aitzindariari diozuen estimuaren arabera gudukatzen duzue

Euskaldunetan bada mota frango baina iritzi hori biziki jakingarri izan zaigu.

Ez da dudarik gure Historia guzian leku handia izan dutela gure buruzagiek; ideiek baino anitzez gehiagokoa beti.

Guhaurek ere zenbatetan ez dugu entzun sail berri bat abiatzen zenean; Nor duzue buru? Ez da harritzeko beraz eztabaida gogorrenak ere pertsonei buruzkoak izanik; orrialde ederrik betez segitzen dugu...

Ondorioz bezala, ikustekoa omen zen denbora batez Hibarnegaray-tiarren sua!

Geroxeago, Labéguerie-ren ingurukoen karra ere ontsa ezagutu izan dugu.

Eta zer erran ETAren aldeko jarraitzaile batzuez, ez ote da oraino hori areagokoa?

Gure aspaldiko alienazioak eragiten duke norbaiti edo talde bati itsutuki segitzeko jaidura hori. Eta, erran dezagun, adinean joanago eta gutiago gustatzen zaigula.

Marxismoaren eraginez-edo, moda berri bat ere sartu zen Euskal Herrian: taldea da lehen eta pertsonak taldearen barnean lan egin behar du.

Talde-lana da bultzatu behar, aterabide partikularrak arbuiatuz.

Che Guevara batek ere horrelatsuko zerbait zioen.

Hala da, ez da deus ere talde-lana baino baliosagorik, politikan, kulturan, ekologian, eta abar.

Geroago eta gehiago denen beharra badukegu, arazoak hain dira zabalak eta korapilotsuak gaurko egunean.

Horiek hola eta halere, ez ditugu guk ukatuko partikularrek eraman ditzaketen sailak; adibidez, lanbideak sortzeko, edo oraino literatur alorrean.

Bestalde, hauteskundeak datozenean taldeari bezainbat edo gehiago behatzen zaio hautagaiari eta hori ere ez genuke sekulan ahantzi behar.

Notablerik ez dugu nahi baina buruzagiak behar ditugu, guhaurek hautatuak beren karismoaren eta ahalen arabera.

Bide hertsia berriz ere hor.

Abertzaleen Batasuna bidean da. 500 bat lagunek beren sustengua ekartzen diote Eskualde hauteskunde hauetan.

Nehoiz ez dugu horrelako laguntzarik osatu. Miresgarria da.

Gure astakeriei (...) karraskan nagusitzen ari zaizkie gure urrats emankorrak, anitz eta anitz indar egin izan baita azkeneko urteetan.

EAJ, batasunetik kanpo dago oraino; bizkitartean, eta den bezalakoa izanagatik, hura gabe puska handi bat eskas dugu, alderdi horrek erdiko eta eskuineko jendea bil baitezake Hegoaldean egiten duen bezalaxe eta hori egin behar bailitzateke Iparraldean ere.

Bestalde, nola salatuko dugu aski indarrez AB-ren programa Euskal Herrirako euskaraz eta Biarnora-ko biarnesez ezin igorria?

Horra zertan garen Frantzian, Libertatearen, Berdintasunaren eta Anaitasunaren erresuma xoragarrian... EAJren eskas izateak agian ez du hautetsi abertzale baten Bordaleraino heltzea eragotziko.

Are, ez dezagun aipa ere horrelakorik: haupa Jakes! Zeren-eta bihar lanari berriz lotu behar baitugu batasuna bururaino eramateko.

Argi eta garbi geldi bedi haatik, helburua ez dela batasuna eta kito.

Helburua da dinamika bat piztea, esperantza berritzea.

Hemendik goitiko borroka ez baita abiatze hura bezain erromantikoa izanen.

Hemendik goitikoak, amets gutiago eta lan sakonak eskatuko dizkigu.

Bide hori ulertuko duke Euskaldunak: egundainotik sineste gehiago ukan baitu bere laneko ahaletan teolesia handietan baino.